BALEA-ARRANTZA

Hain da aspaldi handikoa balearen arrantza ezen zaila baita oso jakitea nor noiz eta nola hasi zen arrantza mota honetan. Bai da jakina euskaldunak eta balea-arrantza elkarrekin aipatzen dituzten lehendabiziko agiriak Erdi Arokoak direla. Kostaldetik bertatik, zetazeoen arrantza udazken eta negu sasoiko sei hilabeteetan egiten zen, ordurantze bertaratzen baitziren ume egitera Bizkaiko Golkoko ur epeletan sardako baleak (Eubalaena glaciales glaciales). Eta orduantxe, euskaldunak ez sheik kantauri itsas ertzeko beste herritar asko ere, talai tantaietara igotzen ziren, zelatan: zetazeo galanta begien menean jarri orduko, ontzi arin eta isiletan itsasoratu eta harrapatu egiten zuten.

Ur handitan, baleen arrantza gaurko kanadan egiten zen, Ternua eta Labradorren, XVI-XVII. Mendeetan. Halaxe egiaztaratzen dute garaiko agiriek eta gaur egungo azterketek. Utrecht-eko ituna sinatzen, 1713an, euskal arrantzaleek uko egin behar izan zioten hango uretan arrantzatzeari, eta haien ordez atzerritar flotak hasi ziren, ingelesenak eta holandarrenak bereziki, hain zuzen euskaldunek berek teknikak irakatsirik, marinel trebetzat eta arpoilari bikaintzat baitzituzten. Ternuan eta Labradorren aurkitutako aztarna arkeologikoaek berretsi egin dute euskal baleazaleek mende haietan egindako lanaren handia.

Gorputz osoa inguratzen zien koipe-geruza lodia zen zetazeoak harrapatzeko arrazoi nagusia. Olio moduko bat lortzen zen hartatik, temperatura garaitan urtuta, eta gauza askotarako baliatzen zen: xaboi, xanpu, detergente, ezpain-margo, pintura, makinetarako lubrikatzaile eta halakoetarako, baita lehengailuen glizerinarako ere. Alabaina, gehien-gehiena lanparetarako erregai gisa erabiltzen zen olio hura.

Balea-arrantza hain industria azkarra izan zen mende askotan ezen zetazeoak desagertzeko arriskuan paratu baitzituen. Gaur egun, garai haiek heroikoak ez sheik, jakin dakigu odoltsuak ere izan zirela, gizakiak harrapari izugarrien modura jokatu zuela. Gu geu ere naturaren partaide garela atzendua dugula dirudien garai honetan, zetazeoen berreskurapena naturarekin dugun zor haundia kitatzeko era bat litzateke.