Lehen planoan ikus daitezke ikerketarako andel handiak. Hondoan, berriz, anfiteatroa.

ETORKIZUNEKO ERREFERENTEA NAZIOARTEAN

Itsas Jauregia berritu eta berehala nazioartean erreferente izatea espero den proiektuaren lehen harria jartzen pentsatzen ari gara: Aquariumaren hirugarren faseari buruz ari gara.

Donostiako Aquariumak handitzen jarraitzen du eta itsasoaren ikerkuntzaren alorrean duen gogoa oso handia da. 1998an hasi ziren handitze-lan garrantzitsuekin, eta Aquariumaren mendeurrenean Itsas Jauregiaren eraikin zaharraren birmoldaketa amaitu bezain pronto, dagoeneko lanen hirugarren fasean pentsatzen jarrita daude. Fase horretan behin betiko bultzada eman nahi zaio barnetik garatzen den jarduera garrantzizkoari.

Dagoeneko oso aurreratua dago mahai gainean dugun proiektu hau, eta gaur egungo erakusketa-gaitasunari beste bi jarduera-arlo berri gehituko litzaieke. Alde batetik, ikerkuntza; bestetik zientzia-dibulgazioa. Bi arlo horiek dira azken urte hauetan Europako Administrazioak eskatutakoak.


DATUETAN

Solairu bakarreko 1.900 metro karratuko azalera izango lukeen espazioa litzateke, ikerkuntza eta zientzia-dibulgazioaren zerbitzura jarritakoa, eta Pasealeku Berriaren azpian kokatuko litzateke, gaur egungo Aquariumaren ondoan.

Zientziaren mailan oso garrantzizkoa izango da, Europa osoan ez baitago horrelako azpiegiturarik, ez neurrian, ezta ezaugarrietan ere. Soilik Japonian eta Estatu Batuetan topa ditzakegu gaur egun horrelako azpiegiturak.

Anfiteatro ikusgarri bat izango luke, lau milioi litroko edukierako andelarekin, eta 96 metro karratuko pantailarekin. Teknologia berrienekin hornitutako ikerkuntza-laborategiak ere izango lituzke, gainera.

Neurri handiko zortzi ikerkuntza-andeletan bilduko lirateke aztertu nahi diren espezie pelagikoak, tunidoak bereziki. Neurri handiko arrain horiek jasogailu berezien bitartez eramango lirateke lur azpiko azalera handi honetaraino, eta jasogailu horien bitartez eramango lirateke azalera horretatik garraiatuko dituzten ibilgailuetara.

Azkenik, hirugarren fasean eraikiko diren instalazioak zientzialarientzako batzar-aretoekin eta administraziorako bulegoekin osatuko lirateke.

BESTE HAINBAT ZENTROREN LAGUNTZAREKIN

Ikerkuntzaren arloan erreferentziazko beste hainbat zentroren laguntza izango genuke, adibidez AZTI Tecnalia edo Espainiako Ozeanografia Institutuarena, ikerkuntzarako azpiegitura propio handi bat eratzea sustatzeko asmoz. Hala, mailarik gorenean aztertu eta saiakuntzak egin ahal izango dugu neurri handiko pelagikoen alorrean. Amalia Martinez de Murguía (Biologia Arloko Koordinatzailea) doktorearen hitzetan: “Garrantzi handikoa da hirugarren fase hau. Kontuan izan behar da Euskal Herrian ekologiarako nahiz arrantzarako tunidoek duten garrantzia. Baina horrezaz gain, orain arte oso ikerketa gutxi egin izan da espezie honen inguruan”.


PUBLIKOAREN PARTE HARTZEA

Aquariumaren helburu argienetako bat da bertako instalazioak bisitari guztientzat espazio irekiak izatekoa. Hau da, andeletan eta laborategietan garatzen den ikerkuntzaren zatirik handiena publikoaren bistakoa izatea. Azken batean, bisitariek zertan ikertzen ari garen ikusteko aukera izatea, eta ezagutzan egiten ditugun aurrerakadez jabetzea.