Elkarte honek burutzen dituen jarduerak arlo askotakoak dira, eta horietako gehienak ontzigintzaren arloko hedapenekin, kontserbazioarekin eta ikerketarekin lotuta daude.

 

1.- ITSASONTZIEN MODELO ETA MAKETEN ERAIKUNTZA

Jarduera hau da Elkarteak garatzen dituenen artean emankorrena, izan ere, modeloak guretzat egiteaz gain beste hainbat museo, erakunde eta partikularrentzat ere egiten baititugu, euren beira-arasetan erakuts ditzaten, kalitate handiko piezak baitira. Modelook eskatu dituzte, besteak beste, Bilboko Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoak, Bermeoko Arrantzaleen Museoak, Donostiako Untzi Museoak eta, noski, Donostiako Itsas Jauregia-Aquariumek.

2.- ZAHARBERRITZE LANAK

 

Talde honen jarduera ez da soilik modeloak eskalan eraikitzera mugatzen, izan ere zaharberritze-lanak ere egiten baitira; adibidez, Itsas Jauregia-Aquariumek horrelako lanak behar dituenean eurek dira lanon arduradunak: doitzeak, pieza kaltetuak ordezkatzea, aparailuak, aldizkako garbiketak eta mantentze-lanak, etab. Gure Autonomi Erkidegoko beste hainbat museo eta erakundek ere laguntza eskatzen diete euren bildumetako piezak konpondu behar izaten dituztenean.

 

3.- IKERKUNTZA ETA KONTSERBAZIOA

Atal honen barruan jorratzen dira euskal ontzigintzaren ondare arkeologikoaren ikerkuntza- eta kontserbazio-lanak. Bi jarduera bereizi ditzakegu argiro; bata, ikerketarena, eta bestea, berreskuratzearena eta zainketarena. Ikerketa-jarduerak itsasontzi historikoen planoak egitera bideratuta daude, eta dokumentazio-lan eskergan oinarrituta ikertutako ontzien planoak egiten dira. Eskalan modelo bat eraikitzea da, beraz, lan honen goreneko puntua.

 

4.- HEDAPEN JARDUERAK

Hedapen-jardueren artean hauek azpimarratu behar dira:

  • 1. Itsasontzien modelismo-ikastaroak: era askotakoak dira, taldearen beharren araberakoak, baina ia beti modeloaren historian oinarritutakoak (garaia-planoa).

  • 2. Erakusketak: Atal honetako kideen lanak ezagutzera emateko modua izan dira, eta horregatik da jarduera gehien bildu duenetakoa. Gipuzkoa osoan eta Espainiako hainbat lurraldetan egin dira erakusketa hauek.

  • 3. Hitzaldiak: itsasontzigintza ezagutarazteko beste modu bat da.Ontzien modeloak egitean eta berreraikuntza hori egin aurretik garatutako ikerketan eskuratu diren ezagutza enpirikoak aditzera ematen dira.