|
Aquariumeko akuario txikienetarikoan, espezie ikusgarrietariko bat dago. Izan ere, "momarra" izenarekin (Scyliorhinus stellaris) ezagutzen den espezieko ale baten jaiotza ikus baitaiteke.
Marrazo txiki hauek guregandik oso hurbil bizi dira, gure kostaldeko itsas hondoko ur hotzetan bizi baitira. Bere tamaina txikia denez (16 eta 150 zm artean neurtzen dute), ez da gizakiarentzat arriskutsua kontsideratzen, nahiz eta txikia izan arren basatia ere baden , eta bere lurraldea babesteko bere 35 hortz txiki-txikiekin hozka ere egin dezakeen.
Momarra gautarra da eta geldirik egoten da ia egun osoan: ohitura honek, beste marrazo askorenekin batera, desmitifikatu egiten du igeri egiteari uzten diotenean hil egiten direla dioen ustea.
Arrautzaren barrualdea
Marrazo hauen arrautzak oso bitxiak dira guretzat, beren diseinu gogor eta zeharrargiari esker barruan hazten ari diren enbrioi txikiak ikus baititzakegu. Prozesu honek bederatzi hilabete inguru iraungo du, tenperaturaren arabera. Epe honetan, enbrioia arrautzaren barruan dagoen poltsa txiki-txiki batetik (bitelo-zakua) elikatuko da.
Babesgabe diruditen arren, arrautza hauek baliabide ugari dute. Izkinatan luzakin batzuk dituzte, algei euts diezaieten eta urak eraman ez ditzan.
Marrazo mota hau erraz egokitzen da gatibutzara, arrautzak jarri eta momarrak haztearen ikuskizuna ahalbidetuz. Izan ere, Donostiako Aquariumeko instalazioetan hainbat urte daramate momarrak aztertu eta hazten. |