|
Aquariumean garatzen den proiektu deigarrietako bat kostaldean agertzen diren dortoka gaixo edo galduak jasotzea da. "Caretta caretta" espezieko aleak iritsi ohi dira gure hondartza eta itsaslabarretara, normalean gazte edo heldugabeak, eta arrantzale edo partikularrek ekartzen dituzte gure instalazioetara.
Normalean hondartuta edo itsas azalean flotatzen aurkitzen dituzte, bai infekzio ugarien ondorioz (murgiltzea galarazten dieten birika-infekzioak batez ere) edo bai arrain-sareek eta kirol-ontziek egindako zaurien ondorioz ere.
Aquariumean dortoka hauek jaso eta berrogeialdi berezi batean uzten dituzte, gaixotasunik hartu gabe molda daitezen. Iristean duten egoeraren azterketa egin ondoren sendatu egiten dituzte, eta errekuperazio epeak iraupen ezberdina izaten du larritasunaren arabera.
Jarraipena eta ezagutza
Sendatzen direnean, eta dortokak errekuperatzeko programa baten baitan, beren ohiko habitatera itzultzen dituzte.
Dortoka kopuru txikia izan arren, itsasora itzuli baino lehen markatzea oso garrantzitsua dela deritzo Biologia arloak, espezie hau sakonago ezagutu ahal izateko.
Donostiako Aquariumak Biarritz eta La Rochelle-eko Aquariumekin batera proiektu ezberdinak burutzen dituenez, duela urte batzuk aipatu zentroekin elkartzea erabaki zuen, dortokak markatu eta askatzeko lanetan batera aritzeko, Frantziako Gobernuko Ekologia eta Garapen Jasangarriko Ministerioaren "Itsas dortokak" programaren baitan.
Honenbestez, ekain guztietan, frantziar eta euskal kostalde Atlantikoan berreskuraturiko dortoka guztiak askatzen dituzte La Rochelle-en (Frantzia). Elkarrekin lan egiten duten aquariumen artean, hamar bat dortoka jasotzen dituzte urtean batez beste, nahiz eta batzuetan askoz ere gehiago jaso dituzten, esaterako, 1990 urtean, 32 ale, edo 2001en, 48 ale. Salbuespen hau faktore meteorologikoen ondorioz gertatu zen, Portugaleko uretan sorturiko itsas korronte baten ondorioz, zehazki.
La Rochelle-en baldintza ozeanografiko paregabeak daude espezie honetako dortokentzat, eta beraz, han askatzean ez dira Bizkaiko Golkoan desorientatuta geratzen. |