| Flash bertsioa | Castellano | Euskara | Français | English |
![]() |
| Hasiera > Zatoz Aquariumera > Aquariumari buruz | Itzuli |
|
Donostiako Aquarium-aDonostiako Aquarium-Itsas Jauregia 1928an inauguratu zen GOE - Gipuzkoako Ozeanografi Elkartearen ekimenez; erakunde hau 1908an sortu zen ikerkuntza ozeanografikoa bultzatzeko eta itsasoaren, arrantzaren eta itsasketaren inguruko gai guztien zabalkundea gauzatzeko helburuz. Berez, hau izan zen Espainiako estatu osoan, natur zientzietara zuzendurik fundatu zen lehen museoa eta, gaur egun ere, Euskadin itsas-zientzietara bideratutako bakarra da oraindik . Aquariumaren aurrekaririk hurbilena, Donostian 1914an egindako erakusketa handia dugu; hango ikuskizun nagusia, hain zuzen ere, GOEk bere egoitza zaharrean instalatutako aquariuma izan baitzen. Mende hasieran zebiltzan haize berriek Erakunde honen lan zientifikoa suspertzeko balio izan zuten eta jarduera ugari abiarazi zen, hala nola Arrantza Eskola, zientzi argitalpenak, filme dokumentalen ekoizpena -zeregin honetan Elkartea aitzindari izan da- eta, bestela ere, gaur egungo asistentzia-prestaziorik ez zegoen garaian, arrantzaleen eta beren familientzako asistentzia-ekimenak. Gaur egungo Aquariumaren egoitza 1925ean hasi zen eraikitzen, Donostiako arrantzu-portuko muturrean, Paseo Berria inauguratu zen unean bertan. Hiru urte geroago zabalduko zituen ateak Juan Carlos Guerrak diseinaturiko eraikin enblematikoak; tradizioz, Donostian gehien bisitatu den ikuskizuna izan da eta bere historian zehar 11 milioi pertsona baino gehiago igaro dira bertatik. Gipuzkoako Ozeanografi Elkartea 1908an sortu zenetik, erakunde horrek proiektu ugari sustatu ditu, itsas bizitza erakuste hutsetik harantzago doazenak. Urteak igaro ahala, gizarte modernoak behar horietako askori erantzun dio eta gaur egungo GOEk, eta berarekin Aquariumek, oraindik ere tinko eusten dio bere zabalkunde-asmoari, aurrerapen zientifikoarekiko konpromisoari eta ingurugiro-arazoei buruzko sentsibilizazioari. Etengabeko aldaketen testuinguruan, Aquariumek, eguneroko zereginean, bere nortasunari berari lotutako bi elementu bateratu nahi izan ditu: berorren ingurunearekiko errotze sakona eta erronka berriak lortzeko bidean aurrera egiten jarraitzea, zerbitzuaren kalitatean, etengabeko prestakuntzan, aurrerapen teknologikoekiko egokitzapenean eta ideia berriekiko irekitasunean oinarrituta. 100 urtetan Gipuzkoako Ozeanografi Elkartea printzipio sendoetan oinarrituta garatu da: 1. Aisialdiko turismoa sustatzeaDonostia eta Euskadi dira kontuan hartu beharreko erreferentziak Aquariumek aberastasun-iturri gisa duen zeregina baloratzeko garaian. 1928an ireki zenetik, 10 milioitik gora pertsonak bisitatu dute Itsas Jauregia eta, horregatik, ibilbideari eta bolumenari dagokionez, Espainiako Estatuan garrantzi handieneko museo-instalazioetakoa dela esan dezakegu. Zabalkuntza-lanen ondoren, urteko bisitari-kopurua areagotu egin da eta 1999. urtean pertsona-kopuru handiena bildu zuen, 570.000tik gorakoa hain zuzen ere. Bilakaera hori Euskadin hirugarren sektoreak eta, batez ere, sektore turistikoak duen gero eta garrantzi handiagoarekin batera gertatu da eta, horri esker, gure inguruneko erreferentzia turistiko nagusienetakoa bihurtu da Aquarium. Nolanahi ere, ez da komeni jendearen erantzuna kopuruaren ikuspegitik besterik gabe baloratzea. Aipatzekoa da Aquariumek lortutako erantzun bikaina, jendearen gorespenari eta balorazioari dagokionez. Datuk horrek, gure buruarekiko askiespen-jarrera hartu beharrean, aitzitik, gure helburuak lortzeko bidean beste aurrerapauso bat emateko balio izan digu. 2. Inguruarekiko errespetua hedatzeaAquariumi zuzendutako zeregina hainbat motatako esparruak barne hartzen ditu. Bere eguneroko zereginean, alderdi ludiko-turistikoa, ekonomikoa, zientifikoa eta heziketakoa biltzen dira, itsas munduko ingurugiro-arazoekin sentsibilizatzeko tresna izateko joera nabarmenaz. Geografikoki, komunikazio-diskurtsoa ondoko gai hauetan oinarritzen da: denboran zehar Atlantiar Ozeanoaren egoera, arrantzaren historian euskal gizarteak egindako ekarpena, muga berrien aurkikuntza eta Atlantiar Ozeanoaren konkista. Zeregin hori behar bezala burutzeak etengabeko hausnarketa-prozesua, ideia berritzaileak eta, batez ere, giza baliabideak eskatzen ditu; jende prestatua, lanean buru-belarri diharduena eta emozionatzeko eta emozioa sortzeko gai izango dena. Horrela, liluratu, irrikatu edo besterenganatu Aquariumen hiztegian sartu dira jadanik. 3. Heziketa-proiektu bat garatzeaAro berri honetan, oso heziketa-proiektu garrantzitsua abiarazi du Aquariumek, itsasoaren eta itsaspeko munduaren ikuspegi zabala eskaintzeko diseinatua, betiere bi alderdi hauetan oinarrituta: pedagogia eta jolasa; azken helburua itsasoarekiko eta bertan bizi diren izakiekiko errespetu handia sorraraztea dela ahaztu gabe. Prestatutako profesionalen talde batek osatutako saila, lehen mailako material didaktikoaz eta ikus-entzunezkoaz lagunduta, adin orotako ikasleengana itsas ingurunea ezagutzearen abentura hurbiltzeaz arduratzen da. Bisitaldi horiek egiteko, Aquariumek bertan landutako koaderno didaktikoak ditu, eskola-maila bakoitzari egokitutakoak. Milaka pertsonak, eskoletako ikasleek, goi-mailako irakaskuntzakoek, hezkuntza berezikoek, etab. bisitatzen dituzte urtero gure instalazioak, bertan bildutako aberastasunak sakonago ezagutzeko asmoz. Gainera, Aquariumek bere zereginari ematen dion norabide pedagogiko eta sozial nabarmenaren ondorioz, erakundeekin hitzarmenak sinatu dira, eta horien bitartez eskola-bisitak subentzionatu eta baliabide didaktikoak finantzatu ere. 4. Etorkizun itxaropentsu batAzken urteotan, eraldaketarik garrantzitsuenetakoa izan du Aquariumek. Garai zaila izan da, suspergarria, baina gaur egun iragana da jadanik. Etorkizuna hor bertan dugu, aurre egin beharreko erronka handi eta zailez betea. Eta helburuak eta hartu beharreko norabidea zehazteko, aholkulari onenak bildu ditugu gure inguruan, berritzaile handiak, ezin ordainduzko ikasbideak utzi dizkigutenak. Besteak beste, Elkanok, Echaidek, Lorenzo de Ugaldek, Bonaecheak, Churrucak, Gaztañetak..., bere adibideari esker, etorkizunerantz begirarazten digute asmo onenekin eta, zergatik ez ba, GOEren izena munduko edozein tokitara eramateko beharrezko handinahiarekin. Itsasoak izugarrizko aukerak ematen ditu eta Donostiako Aquarium funtsezkoa dugu ezagutzen aberastasuna eta zirrara sorrarazten jarraitzeko. 5. Itsas inguruneari buruzko ezagutza sustatzeaOzeanografia-ikerketaren esparruan egindako lana da, beharbada, Ozeanografi Elkarteak izandako ibilbide historikoaren alderdi ezezagunetakoa, eta GOEri gaur egun duen ospea lortzeko bide eman dion elementuetakoa zalantzarik gabe. Garai bateko ikertzaileen eta zientzialarien ekarpen preziatuaren eta jakin-min nekaezinaren ondorioz, lehen buletin ozeanografiko nazionala argitaratu zen, meteorologia-azterlan aitzindariak egin ziren eta balio handiko museo-fondoak sortu ziren. Horrez gain, Elkarteak itsasgizonen prestakuntzarekin eta laguntzarekin izandako etengabeko kezka ere aipatu beharko litzateke. Izan ere, kezka horrek bultzatuta sortu zuen Elkarteak lehen Arrantza Eskola. Erakundeek gizarte-zerbitzuak sortzen eta unibertsitateak eta dagozkien ikerketa-sailak abiarazten parte hartzeak eta aurrerapen teknologikoen bizkortasunak eraginda, GOEren egitekoa egoera berrira egokitu da eta, horretarako, bere ondarearen gauzarik baliotsuena jarri du: esperientzia eta ibilbide historikoa, behar berriei erantzuteko prestatutako ekipo teknikoaz eta giza taldeaz gain. Egokitzapen-borondate horren ondorioz sortu dira itsas bizitzan espezializatutako zientzia-erakundeekin, unibertsitate-sailekin eta ikerketa-institutuekin sinatutako akordioak. Elkarrekintza eta lankidetza ezinbestekoak dira oraindik ere jakintzaren gizartean aurrera egiten jarraitzeko. 6. Gizarte-politiketan sakontzeaGOEren izaera hoberen aditzera ematen duen ezaugarrietakoa irabazizko xederik gabeko erakundea izatea da. Gure aktibo kultural, ekonomiko eta sozial guztiak hiritar guztien esku uztea dugu benetako mozkina. Gizarte-esparru eta -talde guztiez osatzen da Aquariumera bertaratzen den jendea, banako bisitaldien eta hitzartutako taldeen bitartez. Nolanahi ere, kezka berezia dugu gizarte-egokitzapeneko arazoak dituzten taldeekin eta minusbaliotasun fisikoak edo psikikoak dituztenekin. Izan ere, behar bakoitzari egokitutako ibilbideak prestatu ditugu horientzako. Minusbaliatu psikikoak, mugitzeko zailtasunak dituztenak eta itsuak bisitari garrantzitsuak dira guretzat. |
| copyright: Donostiako Aquarium | Buletina | Webgunearen mapa | Harremanetan jarri |