Elkarrizketa
"Gure helburua jendea Aquariumetik hunkituta ateratzea da"
Amalia Martínez de Murguía. Aquariumeko Biologia
Departamentuko Zuzendaria
• Unibertsitate Autonomoan ikasi zuen, Ingurumen-Biologia espezialitatean.
• Masterra egin zuen Galeseko Unibertsitatean, Ekologia espezialitatean.
• EHUn doktoratua 2002an.
Amalia Martínez de Murguía donostiarra eta ingurune-biologoa
da, itsasoko bizitzarekin maiteminduta dago, eta bere ametsa bete zuen
1993an bere hiriko Aquariumean lanean hasi zenean. Orduz geroztik, eraikineko
izaki bizi guztiak zaindu eta baldintza onenetan mantentzen dituen departamentuko
arduraduna da.
Bere azken erronka medusak erakutsi eta ugaltzea izan da, berak zuzentzen
duen zortzi pertsonatako taldeak urte bete lan egin ondoren.
• Zein puntutaraino hazi eta berritu da Aquariuma zu iritsi
zinenetik?
Bai, aldaketa ugari egin da. Hasteko, ni iritsi nintzenean ez zegoen lehengo
eraikina baino, eta beraz, han besterik ez genituen akuarioak, beheko
solairuan. Orain, akuario gehiago eta ezberdinak izateaz gain, ozeanarioa
dugu, eta beraz, erakusketak egiteko aukera handia dugu.
• Lan sistemak ere aldatuko ziren.
Noski, ezberdintasun handia dago. Urte hauetan, garatu gabeko sistemekin
lan egitetik sofistikatuena erabiltzera pasa gara. Gainera, ni nintzen
biologo bakarra, eta orain 8 pertsonatako taldea dugu.
• Zeintzuk dira, gaur egun, Aquariumeko Biologia Departamentuaren
zeregin nagusiak?
Gure helburu nagusia akuarioetako fauna eta flora guztia zaintzea da,
hau da, espezie eta ornogabeen bilduma bizia kontserbatzea. Baldintza
egokienetan egon daitezen saiatzen gara, egunez egun gure erakusketa hobetzeko.
• Baina zuen laborategietan askoz ere lan gehiago dago…
Bai, itsasoko bizitza ikertzen ere saiatzen garelako , batez
ere bi lan-ildoei dagokienez. Lehena, Aquariumaren baitan espezieak ugaltzen
saiatzea da, autohornikuntza lortzeko. Gure helburu nagusiena zera da,
hemen jaio diren espezieak soilik erakustea, beren natura-ingurunean ez
harrapatzeko.
• Espezie hau desagertzeko bidean dago, gainera.
Bai, gaur egun itsas zaldien populazioak asko gutxitu dira. Bestalde,
oso espezie bitxia eta erakargarria da jendearentzat.
• Eta zertan datza beste lan-eremua?
Nahiko ezezagunak diren espezieen ikerketan datza. Atal honetan hainbat
proiektu dugu, esaterako, espezie pelagikoen ikerketa, arrantzategietako
kudeatzaileek ahal den informazio gehien izan dezaten. Nahikoa lan egin
dugu antxoa eta sardina bezalako espezie pelagikoekin.
• Nolakoa da ohiko lanaldi bat Biologia Departamentuarentzat?
Lehen lana espezieak eta instalazioak aztertzea da, eta hortik aurrera
anormaltasun posibleak zuzentzen ditugu. Arrainen bat baldintza egokietan
ez badago, berrogeialdiko zonara igotzen dugu, tratamendu egokia eman
diezaiogun. Dena ondo dagoela frogatzea, elikadura asko zaintzea eta anormaltasunak
ekiditea da jomuga. Horretarako, elikaduraz arduratzen den lankide bat
dugu.
• Elikadura oinarrizko gaia izango da zuentzat.
Bai, hala da, gai horrek kezkatu egiten gaitu eta asko zaintzen dugu.
ISO 9001 kalitate-ziurtagiria dugu, akuario bakoitzeko elikadura guztia
zehatz-mehatz erregistratu eta zaintzen dugu, eta beraz, espezie bakoitzak
jaten duena guztiz kontrolatuta dago. Ondo aztertua dago dena espezie
bakoitzaren biologiaren arabera, eta akuario guztietan filtroak ditugu,
infekziorik jasan ez dezaten.
• Lehen ikusian, hau Ozeanarioan egitea oso zaila dela
dirudi, espezie ezberdin ugari bizi baita bertan.
Ez hainbeste, aldez aurretik pentsatzen baitugu zein espezie bizi daitezkeen
elkarrekin. Ez dute elkar jaten, dena kontrolpean baitugu. Urpekariak
egunero sartzen dira espezie bakoitzari jaten emateko. Beraiek antzematen
dute espezieren batek ondo jaten ez duen.
• Ozeanarioaren erakargarritasunetako bat urpekariak ur
azpian ikustea da, zergatik egiten duzue hau?
Ozeanarioa akuario handia da, eta beraiek arduratzen dira barrutik garbitzeaz,
higienea baita arrainen osasun onaren oinarria. Honez gain, barrutik elikatzeaz
ere arduratzen dira.
• Izan al da Aquariumera ekartzeko zaila izan den espezierik?
Bai, zenbaitzuekin saiatu gara jendearentzat oso interesgarriak iruditzen
zitzaizkigulako, eta ez dira gatibutasunera egokitu. Beste kasu batzuk
ere izan ditugu, ilargiarrainarena adibidez, gure ozeanariorako egokia
ez zela ikusi baikenuen. Espezie honek espazio asko eta lasaitasuna behar
du. Hemen gehiegi beldurtzen zen, eta ez sartzea erabaki genuen.
• Beraz, ezin dira nahi adina espezie erakutsi…
Hori da. Badago aquarium batzuetan 4 hilabete iraun duen espezierik, baina
guk ez dugu hori nahi, gure filosofia ez da arrainak mantentzea hil egingo
direla jakin arren. Honez gain, oreka lortzen saiatzen gara, gatibutasun
zaindu honetan egon daitezkeen espezieak erakusteko.
• Zure ustez, zein maila du Donostiako Aquariumak beste
batzuekin alderatuz?
Gure Aquariuma harribitxia da, tamaina bikaina du gurea bezalako hiri
batentzat, eta Kantauri Itsasoko faunaren adierazgarri ona da. Honez gain,
itsaso tropikaletako faunaren erakusketa ederra dugu. Gaur egun aquarium
asko daude, eta batzuk oso handiak dira, Valentziakoa, esaterako. Gurea
beste dimentsio batekoa da, eta kalitatea lortu nahi dugu. Jendea hemendik
hunkituta ateratzea eta banan-banako arreta jasotzea nahi dugu. Gure instalazioak
Donostiako ingurunera egokituta daude, eta ez dugu itxura handirik egin
nahi.
• Zein beste Aquarium bisitatzea gomendatuko zeniguke?
Lisboakoa, zalantzarik gabe. Paregabea da, ozeanarioa zoragarria da, diseinu
arkitektonikoa oso polita da eta akuarioak izugarriak dira. Baina oso
harreman ona dugu beste akuario batzuekin, eguneroko harremana dugu eta
arrainak trukatzen ditugu elkarren artean. Bi elkartetan gaude: Zoo eta
Akuarioen Iberiar Elkartean (AIZA) eta Aquariumen Kontserbatzaileen Europar
Batasunean (EUAP).
• Zer ekarriko luke datozen urteetan Aquariuma zabaltzeak?
Harribitxi hau bultzatzea da gure asmoa, munduko itsaso guztietako espezie
interesgarri eta politenak sartuz. Honez gain, aurreikusi ditugun berrikuntzekin
gure erakusketa sendotu eta biribilduko dugu.
Igo |